Foto N.R por Leo 250MISTERIO EZKUTUEN ARGIA NICOLAS ROERICH-EN PINTURAN
“Edozein kreazio artistiko dinamo bat da, goratzen den energia infinituz blai dagoena,

“Edozein kreazio artistiko dinamo bat da, goratzen den energia infinituz blai dagoena, eta benetako poztasuna sortzen duena. Egiazki, hori konparatiboa da. Kreazio batzuek energia primario horri eusten diote ordu betez eta beste batzuek, berriz, betirako; horixe ez da errelatibitatea”.   (Nikolas Roerich).
1914an, Errusiako artista batek, Nikolas Roerich delakoak, nazioarteko hitzarmen bat egiteko proposatu zuen gerrateetan ondasun kulturalak zaintzeko. Zoritxarrez, haren ekimena bazterrean utzirik geratu zen Lehen Mundu Gerra antolatzen ari ziren nazioen jarrera beligerantearengatik. Errusiako idazle ezagun batek, Maxim Gorkik, “intuizio handiko gizontzat” hartu zuen margolari hura (1), urte batzuk lehenago Roerichek susmatu zuelako etorkizunean gizateriari gertatuko zitzaiona. Lehen Mundu Gerra sortu aurreko urte horietan, koadro sail batean lan egiten hasi zen, non hiriak sutan agertzen baitziren. Suntsiketa-errepresentazio hura geroago gizateriarengan eta hiri batzuetako altxor kulturaletan gauzatuko zen; esate baterako, halaxe agertzen da “Azken Aingerua” (1912an) lanean. Geroago, 1929. urtetik aurrera, aurreko ideia hura berreskuratu zuen, baina, kasu honetan, garaiko intelektual batzuen laguntzarekin, besteak beste, R. Rolland-ekin G.B. Shaw-ekin, R. Tagor-ekin eta A.
Einstein-ekin. 1935eko apirilaren 15ean, gerra hasiko zelakoan, Roerich Ituna nazioarteko hitzarmen bihurtu zen, eta Latinoamerikako (Unión Panamericana) herrialde guztietako eta Estatu Batuetako ordezkari guztiek sinatu zuten, Etxe Zurian (Washington). 1950ean, UNESCOko batzorde berezi bat proiektu berri bat prestatzen hasi zen dokumentu horietan oinarrituta. Lau urte geroago, 1954ko maiatzaren 14an, “Gerratean ondasun kulturalak babesteko Nazioarteko Konbentzioa” sortu zen, geroago Hagako Hitzarmena deituko zena. Gaur egunean, munduko herrialde gehienek berretsi dute Roerich Itunean oinarritutako hitzarmen hori.
Roerich Ituna dela-eta, Bakearen Bandera sortu zen, artistak berak iradokia, eta proposatu zen bandera hori monumentuetan jartzeko, horiek babes daitezen. Bakearen Banderaren diseinuak zirkulu baten barruan dauden hiru esfera erakusten ditu, hondo zuriaren gainean gorri-magenta kolorearekin. Sinbolo hirukoitz hori mendeetan zehar usatu izan da, adibidez, Neolitikoko ontzietan, koptoen tresnetan, Mongoliako harkaitzetan, antzinateko bandera budistetan, gurutzatuen erredoletan, tenplarioen eta Aita Santuen armarrietan eta Memling eta Tiziano margolarien pinturetan. (2) Azken batean, kultura eta aldi guztietan irudikaturik agertzen den sinbolo bat hautatu zen. Hainbat modutan interpreta daiteke, hala nola, Trinitate Santuaren sinbolotzat; iraganaldiaren, oraingoaren eta etorkizunaren sinbolotzat, Betikotasunaren zirkuluari esker bateratuta, eta Erlijioaren, Zientziaren eta Artearen errepresentaziotzat ere har daiteke, Kulturaren zirkuluari esker elkarlotuta. Interpretazio anitz izan arren, beti izan da natura unibertsalaren sinbolo bat. Irudi hirukoitz hori artistaren koadro ugarietan agertzen da; batez ere, “Madonna Oriflama” (1932) azpimarratu behar dugu.
Nikolas Roerich (1874-1947) ez zen ezaguna izan artista eta bakearen eta munduko ondasun kulturalen defendatzailea izateagatik bakarrik, baita historiagilea, arkeologoa, etnografoa, poeta, idazlea, buruzagi kulturala eta esploratzailea izateagatik ere. Azken batean, benetako humanistatzat defini daiteke. Arte Ederretako hainbat sailetako 7.000 lan baino gehiago sortu zituen: pintura monumentalak, horma-pintura eta marrazkiak, azken horiek  pedagogo eta antzezkizun-diseinatzaile gisa. Horrez gain, ia 20 literatura-lan egin zituen. Hedapen intelektual horri esker, 1909an, Errusiako Arteetako Akademia kide izendatu zuten.
1900-1901ean, Frantziara egindako lehendabiziko bisitan, Fernard Cormon eta Puvis de Chavannes margolari ezagunak izan zituen irakasle. Pariserako bidaiak eta egonaldiak ohikoak izan ziren; izan ere, gogoratu behar dugu artista hori, besteak beste, Chaliapin-ek, Mussorgskyk, Rimsky-Korsakov-ek, Borodin-ek, Rachmarinov-ek eta Stravinskyk osatutako taldeko partaidea zela; Errusiako musika Europan zehar hedatzeko asmoa zuten. Izaera musikaleko nazioarteko aurkezpen hori arte errusiarreko erakusketa sail batekin batera egin zen. Esposizio horiek Parisen egin ziren, Serguei Diaguilev enpresariak sustatuta eta diruz lagunduta. Herrialde europarretan zehar, arte errusiarraren benetako bultzatzailea izan zen. Erakusketa horietan, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako artista nabarienek parte hartu zuten, besteak bestea, Nicolas Roerichek, A. Benois-ek eta A. Golovin-ek.
Diaguileven apustuak joera eta mintzaira desberdinen arteko sintesiaren bultzada bat ekarri zuen, eta margolari, diseinatzaile eta musikari errusiar garrantzitsuenetakoen arteko benetako elkarlan bat sorrarazi (3). Lankidetza horrek harreman profesional interesgarriak sortu zituen, adibidez, Nicolas Roerichek egindako Rimsky-Korsakoven “Iban Izugarria” operarako diseinuak eta eszenografiak, non Chaliapin baritonoak parte hartu baitzuen, edo Borodinen “Printzea”ren “Polovtsiar Dantzak”.
1900. urtearen erdialdetik aurrera, Ekialdeko eragina ikusgarria zen haren lan piktorikoetan. Lan gehienetan, Indiarekiko eta haren antzinateko kultura eta ohitura espiritualekiko interes handia ikusten da. Sakonki hausnartu zuen “zibilizazioaren sorreraren” misterioari buruz, baina ez historiagile edo arkeologo gisa bakarrik, baita filosofoen moduan ere. Bere gaztarotik, interes handia izan zuen gizakiaren auto-hobekuntza moralarekin eta aldaketa espiritualarekin lotutako arazoetan. Roerichek honako hauek goraipatu zituen bere sortze-lanetan: lana, ontasuna eta edertasuna. Ohartu zen oinarrizko lege etikoak antzinatean osaturik zeudela, zibilizazioaren hasieran; hala, Roerichek mitoetan, legendetan, antzinateko sistema filosofikoetan eta Ekialdeko pentsalarien lanetan bilatu zituen munduaren misterioetarako konponbideak. Ekialdea gizateriaren sorterria zela sendo uste zuenez, antzinateko zibilizazio horienganako mirespena sentitzen zuen, baita haien arterako, literaturarako eta filosofiarako mirespena ere.
Artista polifazetiko horrekin batera, Helena Ivanovna Shaposhnikova (1879-1955) dugu, haren bizitzaren eta ideien partaidea izan baitzen. Lan ezkutu anitzen autorea izan zen eta zeregin espiritual asko bete zituen, besteak beste, H.P. Blavatsky-ren “Doktrina Sekretua”ren bi liburukiren errusierazko itzulpena. Berak ere egin zituen “Budismoaren Hastapenak” eta “Ekialdeko Zeharkaldietan” liburuak, baita Agni-Yogaren edo Etika Biziaren irakaskuntzaren 13 liburuki ere. Horretan, irakaskuntza horren garapenean, egin zuen bere lan nagusia. Pentsamendu joera horrek aldi guztietako irakaskuntza eta filosofia guztiak biltzen eta sintetizatzen ditu. Bai Helenak bai Nicolasek proposatzen zuten Bakea lortzea funtsezkoa zela Argialdi Planetarioa lortzeko, etengabeko garapen espiritualarekin batera. Hori Agni-Yoga erabiliz lor zitekeen, yoga guztien sintesiaren bidez: bereziki Karma-, Bhakti- eta Raja-Yogaren bidez. Gure mundu fisiko eta trinkoz landa, Etika Biziaren irakaskuntzak materiaren beste maila batzuk hartzen ditu kontuan: Mundu Sotila eta Suaren Mundua, hots, kontzientzia espiritualaren mailak (4). Filosofia horren aplikazioa Bihotzaren eta Goiko Buruaren arteko (buru intuitiboagoa eta izpiritualagoa arrazionalarena baino) loturan dago, gaurko munduaren arazoei (Kali-Yuga) konponbide biziak eta praktikoak bilatzeko asmoz.
Agni-Yoga irakaskuntzaren planteamenduak Roerichen anitz margolanetan sartzen dira, materiaren eta espirituaren arteko mugak ezabatzen dituelako eta Unibertsoaren Lege Nagusiak islatu: modu zuzen batean maila espiritual eta sotil batekin lotuta dagoen mundu material baten existentzia. Horregatik, haren koadroek Gizakiaren eta Kosmosaren arteko batasuna eta garapen kosmikoan gizakiak duen parte-hartzea irudikatzen dituzte.
Honakoa hau izan zen Roerichen goiburua: “Edertasuna ezagutzeak mundua salbatuko du”, eta esaldi hori bere bizitzan zehar aplikatu zuen. Artistaren ustez, benetako edertasunak, zeina bere koadroetan ikusten baita, lotan dauden buruak esnatzea du helburu, bizitzako sekretu ezkutu eta espiritualak erakutsiz.
Bizitzaren ikuspuntu berekoak ziren George eta Svetoslav semeak. George Roerichek (1902-1960), hiru unibertsitatetan (Oxford-en, Harvard-en eta Sorbonan) ikasi zuen; zortzi mintzaira europar eta ekialdeko 22 menperatu zituen eta Ekialdean aditu ospetsu bilakatu zen. Svetoslav Roerichek (1904-1993) bere aitaren lan piktorikoarekin jarraitu zuen. Haren lana paisaiarekin, erretratuekin eta gai biblikoekin lotuta egon zen. Erretratuei dagokienez, bere aitaren 30 bat egin zituen, eta haren espiritualtasuna eta handitasuna erakutsi. Ez zuen aitatzat bakarrik izan, baita aholkulari eta gidari espiritualtzat ere; hala, Svetoslaven helburu piktorikoa beraren aitarenaren antzekoa zen: Kosmosaren benetako edertasuna irudikatzea. Behin batean, honako hau esan zuen bere aitari buruz: “pertsona ikusgarria zen. Mundu honetan, pertsona asko ezagutu ditut, baina ez dut inoiz aurkitu izaera bat Nikolay Konstantinovichenaren (Nikolas Roerich) bezain polifazetikoa. Harengan, gizon anitzen ezaugarriak bildu ziren……. “ (5) Haren erretratuen artean, buru politikoen erretratuak ditugu: Pandit J. Nehru, Sarvepalli Radhakrishnana, Indira Gandhi eta beraren emaztearenak, Devika Rani, Indiako aktoresa eta dantzaria.
Nikolas Roerichek zenbait espedizio egin zituen Asian zehar. Indiara egin zuen lehendabiziko bidaian, Roerich familiak antzinateko monumentu nagusiak ezagutu zituen: Jaipur-en, Sarnath-en, Benare-en eta Calcuttan. Abenduaren amaieran, Sikkim-eko printzerri txikian geratu ziren, Himalayako mendebaldean. Sikkimen lehendabiziko ikerketa zientifikoa egin zen, antzinateko monasterioak bisitatuz eta, hala, jakitun espiritualekin harremanak izateko aukera izan zuten. Geroago, Roerichek Asia Zentralean zehar beste espedizio bat egitea erabaki zuen. Bidaiak 1925eko martxotik 1928ko maiatzera iraun zuen, eta Siberian, Mongolian, Xinjiang-en, Tibeten, Nepalen eta Indian zehar ibili zen. Inongo bidaiarik ez zuen lehenago ibilbide hori egin. Mendi gailur eta pasabide berriak mapetan markatu zituen, eskuizkribu argitaragabeak eta monumentu arkeologikoak ere aurkitu zituen. Material zientifiko asko aurkitu zuen, eta, hortik abiatuta, “Asiako Bihotza” eta “Altay-Himalaya: bidaia-egunkaria” liburuak idatzi zituen, 500 pinturekin batera. 1925-1926 bitartean, “Maitreya” (6) izeneko sail bat sortu zuen, geroko Budari eskainia. Maitreya izena, Ekialdeko sinesmenetan, bakearen eta justiziaren aldi berriaren etorrerarekin erlazionaturik dago.
Roerichen lan artistikoen gai nagusietako bat Jakituriaren Maisuaren gaia da, Jainkoaren eta gizartearen arteko bitartekaria, Lurraren eta Goiko Munduen artekoa, bi munduren ezaugarriak beregan batzen dituena. Tradizio ezkutuen arabera, badirudi izaki goren horiek heroi epiko eta kultural bilakatzen direla, eta lurraren materia trinkoa espiritual bihurtzen dutela. Izaki horiek giza espirituaren garapena bultzatzen dute, eta irudi horiek eskola eta korronte esoteriko gehienetan ere agertzen dira, adibidez, Rosacruz Anaitasunean, Sozietate Teosofikoan eta Eskola Arkanoan.
Erdialdeko Asian zehar bidaiak egiten zituen bitartean, Roerich familiak “Mahatmas” (Indiako tradizioan “Arima Handiak” adierazten du) izeneko Maisuei buruzko legendak, mitoak eta azalpen historikoak bildu zituen. Tibeteko tradizioan, Byang-Tsiud-en Anaiartea deitzen zaie; Txinan, Hsi-Tien Hilezinen Anaiartea; kristautasunean, santuak dira; budismoan, Arhats edo Boddhisatvas; Indian, rishis, kumaras eta nagas; hots, erlijio guztietan dauden profetak. Gai horri buruz, zera esan zuen Nikolas Roerichek: “badirudi gai anitz kondaira maitagarriak eta gai fantastikoak direla, baina gertatzen diren leku berean aurreiritzirik gabe ikusitakoak botere bizi bihurtzen dira. Hala, Mahatmen irudi ikusgarriak ez dira gure begien aurrean mamuak bezala pasatzen, baizik eta goragoko izaki fisiko, Goragoko Ezagutzaren eta Boterearen benetako Maisu, bihurtzen dira”. (7)
Eskola esoterikoen arabera, Maisu horien komunitatea Lurrean existitu da milurteko anitzez. Goiko mailaren energia kosmikoen egiturekin lotuta, gizateria osoaren eboluziorako plangintza batean lan egiten dute. Hala, mihise askok irudi horiek irudikatzen dituzte, esate baterako, “Buda The Tester” (1927), “Guru Guri Dhar. Path of the Master of Masters” (1931), “Mahoma” (1932), “San Francisco Asiskoa” (1932) eta “Bhagavan” (1943). (8) Oro har, izaki horiek gorputzaren eta buruaren inguruan argitasun berezi bat eta kolore-aura sakratu bat dituztela irudikatzen dira; horrek erakusten du izaki horiek eboluzioaren goiko maila batean daudela.
“Fiat Rex” (1932) triptikoa da gai espiritual hori hobekien erakusten duenetariko bat; Moskuko International Centre of the Roerich Bilgunean dago ikusgai, eta Maisu horietako bat agertzen da: Shambala Jauna, beste Maisu batzuekin batera, eta Gorako Espirituaren bideraino gidatzen du gizateria; hots, substantzia zakarrenetik sotilerainoko eraldakuntza lortzeko bidea erakusten du. Triptiko horretan, Maisuaren aldean, bi dizipulu agertzen dira, Erdi Aroko beira-aleekiko gizon bat eta emakume bat. Irudi piktoriko horiek X. mendearen amaieraren eta XI. mendearen hasieraren bitarteko pertsonaia historikoak dira. Irudi eskultoriko horiek XIII. mendean egin ziren eta Naumburg-eko (Alemania) katedral gotikoko mendebaldeko koruan agertzen dira. Ekkhart eta Uta von Ballenstedt kondesa dira. Haiek inguratzen dituen aureola distiratsuak igokunde espiritualerainoko bidean egindako garapen pertsonalak erakusten ditu. Baina haien auraren kolorea desberdina da Maisuarenaren aldean, lurreko gizateriaren ordezkariak direlako eta oraindik bide luzea ibili behar dute Maisuaren Mailara heldu arte.
Izaki mitikoekin erlazionatutako koadro horiek Ekialdeko oinarri bati egiten diote erreferentzia: Maisuaren eta haren dizipuluen arteko kooperazioaren legea. Konposizioan agertzen diren ezaugarri sinbolikoez landa, balio espiritualeko plangintza historiko zehatz bat erakusten saiatzen da.
Roerichek antolatutako Himalayan barreneko espedizioan, eskualde horretan gizateriaren Buruzagi Handi horien existentziaren eta egonaldiaren frogak aurkitzea zen helburuetako bat eta bereziki Budaren eta Kristoren frogak. Leh-en (Indian), Himalayako ashram-etan, Kristoren egonaldiari buruzko legendak bildu zituzten; izan ere, Eskritura Santuetan aipatzen da denbora luzean kanpoan ibili zela. Legenda horien arabera, han, dizipulu gisa egon zen eta, gero, Palestinara joan aurretik, bere lehendabiziko sermoiak eman zituen. Srinagar-ren (Indian), Kristorekin erlazionatutako legendak berriro bildu zituzten; horietan  kontatzen zen urruneko leku batean gurutzefikatu zutela, baina ez zela hil. Badirudi bere dizipuluek gurutzetik beheratu zutela eta Shrinagar-ra eraman zutela, bera zaintzeko asmoz eta geroago hango tribuen artean bere irakaskuntzekin jarrai zezan. Hango legendaren arabera, han, Shrinagar-en, berezko heriotza heldu zitzaion eta hantxe lurperatu omen zuten. Horregatik, urte horietan, Roerichek irudi horri buruzko mihise batzuk egiten zituen, adibidez, “Temptation of Christ” (1933), eta, hor, helduaroan irudikatzen du, garapen espiritual handiena lortu zuenean. Haren ondoan, botere demoniozkoak ikusten dira, egiaztatuz ezin direla garapen eta eboluzio espiritualak lortu haien kontra borroka egin gabe. Deabruak substantzia sinbolizatzen du iluntasunean eta ezjakintasunean dagoenean, eta argitasun bilakatu behar du.
Ekialdeko legenda zahar baten arabera, Goiko Espirituek Chintamani Harria (9) ekarri zuten Orion konstelaziotik lurrera. Orain, Shambalan dago eta, gizateria osorako, balio adierazgarri handia du, goiko energia kosmikoak erakartzen dituen iman bat delako. Harri sakratu hori Ezagutzaren Maisuen egoitzan gorderik egon da, Shambalan (10). Hango kondairek diotenez, Harriak bere kolorea, pisua eta tenperatura alda ditzake eta, gainera, gertaera garrantzitsuak sorraraz ditzake, baita kasu berezi batzuetan etorkizuna iragarri ere.
Diotenez, Harri horren zati txiki bat bidaia egiten ari da munduaren inguruan, Harri nagusiarekiko lotura magnetikoa eramanez. Bidaia egiten duen bitartean, eskualde desberdinetatik pasatzen da, eta, horietan, gertaera garrantzitsuak jazotzen dira, eta merezi dutenek bakarrik zaintzen dute. Legenden arabera, besteak beste, Txinako enperadore batzuek, Timurlan-ek, Salomon-ek, Akbar-rek eta Timur-rek eduki zuten. Oro har, Harria kutxa batean egoten da;  Maitreyaren zeinuak ditu kutxa horrek. Bakar batzuek eta konfiantzazko dizipulu bereziek bakarrik babesten dute kutxa. Dirudienez, haien artean, Roerich familia zegoen. Harri magiko hori artistaren zenbait aldi piktorikotan ikusten da, adibidez “Chintamani. Treasure of the World” (1924) lanean.
Roerich familiak bere bizitzaren aldi garrantzitsu bat eman zuen jarduera sozialetan, eta kulturguneekiko eta erakundeekiko harremanak sortu zituzten, besteak beste: Corona Mundi, Estatu Batuetako Arte Batuen Master Institutua, Bangaloreko Chitrakala Parishath Kulturgunea eta “Urusvati” Himalayar Ikerketa Institutua, azken biak Indian. Horrez gain, Roerich elkarte eta asoziazio anitz daude munduan zehar, artistaren printzipio filosofiko eta altruistekin jarraitu nahi dutenak biltzeko helburua dutenak. Haren bizitzan zehar, Roerich sozietateak 80 bat herrialdetan finkatu ziren. Gaur egun, Roerichek bultzatutako mugimendu kultural hori herrialde gehienetan ageri da, bereziki Errusian, Estatu Batuetan eta Mexikon.
1923an, New Yorkeko Roerich Museoa ireki zen, eta, han, artistaren lan bilduma garrantzitsu bat erakusgai dago. Museo horrekin batera, honako hauek ere baditugu: Bangaloreko (India) Roerich Museoa, Moskuko Roerich Museoa, San Petersburgoko Estatu Museo Errusiarra, Moskuko Ekialdeko Museoa, Moskuko Tretyakov Galeria eta Novosibirsk-eko Arte Galeria. Beste kulturgune batzuetan, haren lanaren erreprodukzioak daude; adibidez, hurbiltasun geografikoarengatik, Erreprodukzioen Museoa  Roerich Etxea (www.shambala-roerich.com) aipatuko dugu: kultugune bat eta natura-gela bat da, eguzki eta haize energiari esker mantendurik. Museo hori XVI. mendeko baserri batean dago, Bedian (Bizkaian). Nikolasek eta Svetoslavek egindako kalitate handiko 50 erreprodukzio baino gehiago daude, baita Indiako, Errusiako, Txinako eta Zetaren Ibilbideko hainbat objektu ere.
Erreferentziak:
1-Decter, Jacqueline. “Nicolas Roerich. La vie et l’oeuvre d’un maître russe”, Les Éditions du III millénaire, Sherbrooke: Quebec, 1989, 102.
2-“The Roerich Family”, Koaderno-liburua The Eastern Roerich Society “Urusvati”-n argitaraturik, Sochi, Errusia, 2002,  103-105.
3-Informazio gehiago lortzeko, gomendagarria da honako erreferentzia hau ikustea: Decter, Jacqueline. “Nicolas Roerich. La vie et l’oeuvre d’un maître russe”, Les Éditions du III millénaire, Sherbrooke: Quebec, 1989, 71-93.
4- Gomendagarria da gai horri buruzko honako ikerketa laburbildu hau: Olazabal, Leonardo. “Ética Viva para un mundo moderno”, Agni Publishing House, Samara, Errusia, 2002.
5-Svetoslav Roerich, “Svetoslav Roerich. Sacred Flute”, R.B.Rybakov, “Agni” Publishing House, Samara, Errusia, 2000, 35.
6-Kristautasunaren Eskritura Santuetan Kristoren etorrera aipatzen den moduan, budismoan, Buda berriaren etorrerari Maitreya deritzo; Japonian, Miroku deitzen da, musulmanen erlijioan, Iman-Madhi, eta hinduismoan, Kalki.
7-Roerich, Nikolas, “El Corazón de Asia”, Ediciones S.R, Bilbo, 2008, 115.
8-Pintura gehienak on-line ikus daitezke honako webgune honetan, New Yorkeko Roerich Museoan: www.roerich.org
9-Ekialdeko errepresentazio askotan, bereziki hinduistetan, Harri Ezkutu bat duen Kaliza Sakratu bat agertzen da, Mendebaldean Griala deritzona. Ekialdean, Chintamani da harri horren izena.
10-Legendaren arabera, komunitate misteriotsu hori Tibeteko iparraldean dago, Gobi basamortuko lekuren batean. Badirudi izaki espiritual handien egoitza dela. Haren jatorria Indiako Puranetan aipatzen da, eta  Csoma de Koros jakitun europarra ere (1784-1842) haren kokapena asmatzen saiatu zen. Teosofo askok, hala nola A Besant-ek eta C.W. Leadbeater-rek, gai hori landu zuten. Halaber, konparazio batzuk egin dira: Francis Bacon-en Atlantida Berriarekin, Platon-en “Errepublika”rekin, Tomás Mororen “Utopia”rekin, Campanellaren “Eguzkiaren Hiria”rekin edo Preste Juanen Erreinuarekin. Informazio gehiago honako liburu honetan: Ríos, Carmelo. “Adeptos. Mensajeros de la Sabiduría Eterna”, Escuela de Misterios, Associó d’Investigació i Estudi, Barcelona, 2000, 148-156; eta Roerich, Nikolas, “Shambhala”, Grupo Libro 88, Madril, 1992.
Komunitate mitiko hori honako nobela honetan ezagutarazi zuen: “Horizonte Galduak”, 1933an argitaratua. James Hilton da autorea, eta leku hori Shangrila izenarekin agertzen da.
Iñigo Sarriugarte Gómez
EHUko Irakaslea